Pelletak dituen abantailak asko direla ikusita, energia garbi honetara aldatzea erabaki duzu. Orain, ordea, zalantza ugari duzu buruan, besteak beste, ez baitakizu zein berogailu aukeratu. Izan ere, merkatuan, ezin konta ahala eskaintza dago, baina berogailu on bat aukeratzea erabakigarria da, erregai berriztagarri honen potentziala ahalik eta gehiena baliatzeko.

Pellet biomasa motako multzo bat
Pelleta energi iturri garbia da

Zure beharretara hobekien egokitzen den aukera zein den jakiten lagunduko dizugu, bost galdera erraz hauei erantzunda.

  1. Zein toki berotu nahi dut berogailuarekin?

Pellet berogailuen artean hiru mota daude, eta, besteak beste, haietako bakoitza toki jakin baterako da egokia.

  • Konbekzio edo aire berogailuak: ezin hobeak dira gela bat berotzeko eta airearen bidez egiten dute. Ez da instalazio gehigarririk behar, nahikoa baita argindarrera konektatzea. Pelletaz gain, oliba hezurrak edo almendra azalak erabil daitezke.
  • Kanalizagarriak: aire berogailuen sistemaren antzekoa dute, baina barnean haizagailu bat dute eta horrek aukera ematen du aldameneko gelak berotzeko, berogailua kokatuta dagoen gelaz gain.
  • Hidraulikoak, hidroberogailuak edo termoberogailuak: egokienak dira etxe osoa berotzeko. Eskuarki, dagoen berogailu sarera konektatzen dira.
  1. Zein bero potentzia behar dut?

Berotu nahi dugun eremuko bero potentzia zein den jakiteko, hauek hartu behar dira kontuan: eremu horren luze-zabalera, altuera, isolamendu termikoa, norabidea eta kanpoko tenperatura.

Balioak azken lau aldagaietarako optimoak direla pentsatuta, metro koadro bakoitzeko kilowatt 1eko formula aplikatu behar da.

Behar dugun bero potentzia izango da emaitza. Parametro guztiak zehatz-mehatz kalkulatu nahi badituzu, lotura honetan ageri diren pausoei jarraituta egin dezakezu:

Caloryfrio.com

  1. Zerez eginda dago berogailua?

Pellet berogailuaren barneko aldea egiteko hainbat material erabiltzen dituzte: bermikulita, altzairua, altzairu erregogorra, burdinurtua eta abar.

Adituen arabera, burdinurtuzko barnealdea duten berogailuak dira bizitza baliagarri luzeena dutenak, baina, era berean, garestienak ere badira.

Kanpoko aldea harrizkoa, zeramikazkoa, toskazkoa… izan daiteke. Hori gure gustuaren eta inguruan egongo diren gainerako altzarien arabera aukeratu ahal izango dugu.

  1. Beharrezkoa al da homologatuta egotea?

Bai. Homologatuta edo ofizialki onartuta ez dagoen produktu bat erosten badugu (CE marka ez duena), beharrezkoak ez diren segurtasun arriskuak hartzen ditugu.

Berogailuen, Tximinien eta Erregai Solidoetarako Sukaldeen Fabrikatzaileen Elkarteak (AEFECC) bere siglak daramatzan bereizgarri bat du eta “iraunkortasun eta segurtasun irizpide zorrotzenak betetzen dituzten egur eta pellet tresneriak bereizten ditu”.

  1. Zenbat diru gasta dezaket/gastatu nahi dut?

Pellet berogailuetan prezioen aukera zabala da. Hartara, sistemaren arabera, 800 euro eta 2.000 euro artean egon daiteke prezioa. Dena den, gogoan izan behar da ondoren aurrezten den energiak berdindu egiten duela berogailua erosteko gastatu den diru kopurua.

Gainera, beti dugu bigarren eskuko berogailu bat erosteko aukera, prezio merkeago eta hobe batean.

Galdera horiei erantzuten badiezu, zure beharretara egokitzen den pellet berogailua zein den argiago izango duzu, eta, horrenbestez, dendara joan eta erosteko moduan izango zara.